XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maindirek lotuz ihes egin zuten eritegitik bi presok. Bietariko bat, Aquilino Hernandez, atxilotu du poliziak

Leon.

Leongo Princesa Sofia hospitaletik ihes egin zuten bi presoetariko bat, Aquilino Hernandez Vargas,20 urtetakoa, harrapatu zuen atzo poliziak, bertoko Gobernu Zibilak Efe agentziari jakinarazi diotenez.

Princesa Sofia hospitalean zeuden Aquilino Hernandez eta Paulino LLanos Gancedo presoek ihes egin zuten hereneguneko 21.30etan.

Eritegian zeuden - eta poliziaren bijilantziapean omen, aurreko egunetan beren buruei zauriak egin zizkiotelako.

Aquilino Hernandezek iltze batzu irentsi egin zituen joan den astean eta sabelean zauri zorrotzak jasatzen zituen.

Bere aldetik, Paulino Gomez likido toxiko batzu edategatik kolikoek jota zegoen.

Historia honetan kuriosoena, ihesa bera da, pelikula batetakoa gogarazten bait du.

Hamaikagarren pisuan zuten gela.

Solairu horretako terraza batetik beheko pisuko terraza batetara zenbait maindire loturik erabiliz pasatu ziren.

Bidean pijamak kaleko arropez aldatu zituzten eta kalera irten ziren eskilaretatik edo igongailua erabiliz ezer gertatzen ez balitz bezala.

Kalean ez zuten beste ihes egiteko medio hobeagorik aurkitu txirrindula pare bat baino.

Hospitalaren aurrean dagoen lautadan jolasten ari ziren ume batzuri lapurtu egin zizkioten txirrindulak eta Inmaculada auzotegirantz abiatu ziren.

Ihes egindako preso biak arriskutsutzat jotzen dituzte eta behin behineko kartzelan zeuden deliktu batzuren epaiketen zain.

Ez da Leongo presondegi honetan gertatu berri den ihes bakarra.

Apirilaren 23an, Gaztela-Leongo jai ofizialaren egunean, beste bi presok egin zuten alde kartzelatik bertotik: Valentin Gomez Valledor El argentino eta Juan Redondo Fernandez El Pecas.

Egun batzu beranduago poliziak atxilotu zituen bakoitza bere aldetik.

Valentin Gomez Valledorrek akusazio gogorra du bere gainean, hots, hamaika urtetako Celina Rodriguez neskato asturiarra bortxatze eta hiltzearena.